Espero diren ondorioak:
Zientzialariek ezin izan dute zehatz-mehatz adierazi zeintzuk izango diren beroketa honen ondorioak datorren mendean, baina zenbait puntutan bat datoz gehienak. Zenbait eredu klimatikok adierazten duenez, planetaren beroketa-erritmoa inoiz baino azkarragoa izango da datorren mendean.
Estimazio positiboenek erakusten dutenez, karbono(IV) oxidoaren kontzentrazioek industrializazio aurreko maila bikoizten badute, Lurrazalaren tenperaturak 1,0-3,5 °C arteko igoera izango du. Ikerketa hauek azaltzen dutenez, ez gaude balizko egoera horretatik oso urruti, CO2 maila 2050. urterako bikoiz dezakegula uste baita.
Beroketa izugarri honek ekar ditzakeen ondorioen artean ondokoak daude:
Giza osasunari kalteak
Baso, itsaso eta beste zenbait habitaten desorekak
Nekazaritza eta merkataritzaren haustura
Basamortuak hedatzea
Poloetako izotz-geruzak urtzea, ondorioz itsasoaren maila 15-95 cm igoko litzatekeelarik
Ez-ohizko fenomeno atmosferiko ugari
Osasunerako Mundu-Erakundeak 1996an egindako erreportajean azaldu zuenez, aldaketa klimatikoak intsektuen bitartez transmititzen diren gaixotasunak (malaria, adibidez) areagotzea ekarriko luke. Ur-iturriak gutxiagotuko lirateke eta prezipitazioen erregimena aldatu; horrek guztiak ere uraren bidez kutsatzen diren gaixotasunak gehiago agertzea ekarriko luke. Horrez gain, tenperatura igotzean giza bizitzarentzat hilgarriak izan daitezkeen egoera klimatikoak sor litezke.
Irtenbideak:
Esandakotik erraz atera daiteke ondorio nagusi bat: giza iharduerak Lurra berotzen duten berotegi-gasen kontzentrazioa areagotu du. Lurra gehiegi berotzen bada, gizakion existentzia bera egongo da arriskuan. Guk sortu dugu arazoa eta, beraz, guri dagokigu konponbidea bilatzea. Guztiok, gobernuak eta hiritarrok, dugu zeregina.
Aldaketa klimatikoa
